Musika jotzeak edo entzuteak nire sentimenduak irekiarazten dizkit, dena mugitzen zait, barneko sentsazioetan murgiltzen naiz"
Urkiri SALABERRIAArgazkiak: Maider SILLERO ALFARO
Traducción al españolAne Matxain Espainiako Orkestra Nazionaleko kontzertinoa dugu. Hau da, orkestra zuzendariaren ondoren bera da ardura gehien duena, zuzendariaren “laguntzailea”, alegia.
Donostiara etorri zaigu Ane Matxain egun batzuk pasatzera. Aukeraz balia, Anerekin geratu gara bere gurasoen etxe ondoko Aieteko Parkean. Eguraldiak ez gaitu laguntzen. Berdin du, bere irriñoa ahoan eta begietan erakutsiz, Anek eskertzen digu berataz pentsatzea gure elkarrizketarako. Parkeko lorategi eder horietatik, kafetegi batera abiatzen gara. Egia esanda, oso arima sentibera dauka: artista batena; eta bere bizitzaren ikuspuntuak, semifusen abiaduran pentsatzen eta mintzatzen delarik, gazte ausart baten ikuspuntuak, hausnartzeko uneak ematen dizkigu.
Zein dugu Ane Matxain?Uf! Donostiako neska bat, neska arrunt bat, bibolina jotzen duena. Nire etxean ez du beste inork musika tresnarik jotzen, baina nire gurasoak oso musikazaleak dira. Alaba bakarra naiz.
Orduan nolakoa izan zen zurea musikarekiko?
Esan dugunez, nire etxean musika asko entzuten zen eta guraso askok bezala txikia nintzenean apuntatu ninduten Groseko (Donostiako auzoa) musika akademia batera, zerbait ikasteko, baina beste inongo asmorik gabe. Hala ere, oso akademia berezia da, Suzuki sistema lantzen duena, eta ume txikiak hasteko oso ondo dago musika jolasarekin nahasten dutelako, oso modu naturalean ikasten duzu eta oso oroimen politak ditut garai hartakoak.
Ume txikiak esatean, zenbat urtekoaz ari gara?Ba lau urtetik aurrerakoak. Ni hasi nintzenean ume asko ginen taldean eta dezentek jarraitu dute bibolinarekin, modu profesionalean, gainera.
Zure lehenengo “maisua” aipatu beharko bazenu, zein esango zenuke?
Guztiak. Agian garai hartako irakasleen artean Ana Sebastián aipatuko nizuke.
Baina ez zenuen egun osoa emango bibolina ikasten, ezta?
Ez, ni, edozein ume bezala, eskolara joaten nintzen. Hemen etxe ondoan, Axularrera. Egia esanda nire txikitako bizitza hemendik igaro nuen, Etxadin (Donostiako auzoa): Aiteko parkea, auzoko jendea, eskola bost minututan, igerilekuk... “Donostiara” jaisten ginenean ikaskideekin.
Eta nola, noiz ikusi zenuen hori zela zure bokazioa?
Dena pixkanaka, pixkanaka izan zen. Agian adin gako bat izan bazen bederatzi, hamar urteak izan ziren. Iparraldera joatea erabaki genuen Baionako kontserbatoriora joateko aukera suertatu zelako. Orduan hasi nintzen astean behin eskolara ez joaten. Izan ere, hango sisteman, astean behin, asteazkenetan, ikasleek eskolatik jai dute “extra-eskolarrak” egiteko: musika, kirola, hizkuntzak...
Eta hortik Bordelera?
Bai, hamahiru urterekin hasi nintzen gero eta denbora gehiago eskaintzen musikari, modu progresiboan, baina naturalean. Eta bi urtetan, iritsi zen momentu bat non aste erdia Bordelen ematen nuen eta beste erdia hemen. Hala ere, aldi berean, Urrutiko Batxillergoa egiten nuen, ikastolara joatea modu normal batean ezinezkoa zelako.
Ausarta gaztetxotik...Bai (Barrez). Trenak bakarrik hartzea eta halako gauzak oso gustukoak ditut.
Ba, gure hurrengo geltokia: Paris. Hamasei urte dituzu eta, zer gertatzen da?Kontserbatorio Nazionalean sartzeko probak egin eta gainditu nituela. Ordurako argi neukan musikaria izango nintzela. Bordeletik musika mundu horretan murgilduta nengoen, nire lagunak musikarien artean bilatzen nituen eta horrek ere asko laguntzen dizu erabakia sendoa izan dadin, bestela batzuetan ez zara ausartzen.
Dena den, Europan, orokorrean, Musika ikasketak beste modu batean ikusten dira, hala da?Bai, horixe. Hasteko Unibertsitateko karrera baten baliokidea da. Eta hori gutxi balitz, gizartean musikarekiko beste kontsiderazioa sumatzen da.
Ikasketak bukatu eta zer egin zenuen?Laukote batekin aritu. “Boloak” egiten nituen, eta klase berezi batzuk (master class) hartu. Laukoteak Gaia izena zuen eta lan asko egin ere bai, baina oso gogorra da eta azkenean utzi genuen. Gero orkestrak, kolaborazioak, bidaiatzen toki batetik bestera: “bolear” esaten dioguna (barrez).
Ez bereziki, egiten ari zarenaren arabera. Orkestra batean zaudela, ba zuretzako lan egin behar duzu. Maila batera iristen zara buru-lana nagusitzen dena, eta bestea, teknika mantentzea da. Alegia, ez duzu egunero jo behar... ez badaukazu lan egiteko gogorik!
Musikaria eta funtzionarioa, ura eta olioa?Beno, ez pentsa. Hori aldatu egin da. Ni adibidez, ez naiz funtzionarioa, baizik eta “laborales fijos”. Egia esanda oso lan baldintza onak ditugu, eta beste gauzak egiteko astia ere bai. Musikaria eta funtzionarioa? Ez dakit bi terminoak elkartzea ezinezkoa den, baina ezinezkoa dena da “bost-axola-edozein- gauza-egin-dezaket” mentalitatea.
Musikaria eta artista, senideak?
Gehiago, musikaria artista da. Musikak interpretazioa, sormen lana eskatzen dizu.
Emakume kontzertinoa. Zer esan nahi du horrek?Ez naiz lehenengoa (eta ez azkena!!). Agian, musika munduan harridura gehien sortu duena ez da emakumezkoa edo gizonezkoa izatea baizik eta hain gazte izatea postu hori lortzen.
Zein da kontzertinoaren papera? Nola dakizu zein den orkestran?
Lehenik eta behin, argi utzi behar da zuzendaria dela zuzentzen duena eta bera dela orkestraren nagusia. Hori azalduta eta modu sinplifikatu batean esango genuke kontzertinoa zuzendariaren “laguntzailea” dela, ez bakarrik bibolina baizik eta hari-instrumentu guztiak bere “gainean” daudelako. Ardura eta konfiantzazko postua da. Eta kontzertinoa bereizteko orduan, ba, oso erraza da: ateratzen den azken bibolina, lehenengo tokian esertzen dena eta zuzendariari eskua ematen dion biolin-jolea...(barrez).
Eta halako ardura izanda, nolatan animatu zinen aurkezten?
Ni jada orkestran nengoen irailetik “tutti” bezala. Eta martxoan kontzertino izateko probak atera zirenean, egin eta plaza atera nuen. Hala ere, esan behar da hiru kontzertino direla orkestran eta ni, momentuz, beste kontzertino baten ondoan esertzen naiz. Pixkanaka, pixkanaka lehenengo kontzertino izango naiz.
OSE, bertan jotzeak ez zaitu erakartzen?
Jo izan dut eta datorren martxoan gonbidatua etorriko naiz jotzera. Egia esaten badizut Parisen hamar urte eman ditut eta ez dakit oraindik haizeak nora eramango nauen. Hasteko Madrilera joan naiz, agian... (pentsatuz) hiri handi xamarra delako ere bai, baina ez dakit... gero gerokoak.
Musikene, zer iruditzen zaizu?
Ezin dizut asko esan ez dudalako barrutik ezagutzen. Baina orain dela gutxi, taberna batean nengoela, gazte batzuk beraien musika tresnekin ikusi nituen, batzuk kanpotarrak, eta ilusio handia egin zidan ba, zentzu horretan, giro musikala irekitzen eta aberasten ari baita; eta hori beti oso ona da. Horregatik gauza horietan jartzen duten diru guztia ondo jarria dago. Dena den, oinarrizko mailetan ahalegina eta lana handiagoa egin beharko litzateke. Alegia, etxearen teilatua ona izatea ondo da, baina funtsezkoak direnak zimenduak dira.
Zer da musika zuretzat?Umm... (irribarrez) hau galdera!... zaila da. Nahiko adieraztezina da, niretzako... soinuekin sortzen dudan zerbait, estruktura batekin, eta izugarrizko sentsazioak eragiten didana: esaldiak, armonia.
Zertarako balio du musikak?
Guztirako. Nire ustez, musika ez da bakarrik edertasuna sortzen duen zerbait, sentimendu guztiak hartu-emanetan jartzen ditu: indarra, poza, tristura... Musika jotzeak edo entzuteak nire sentimenduak irekiarazten dizkit, dena mugitzen zait, barneko sentsazioetan murgiltzen naiz.
Biolin-jole bati egin beharreko galdera:“Stradivarius”-a jo al duzu inoiz?
Ez. Bordelen neukan maisu batek bazeukan bat, bai, baina ez nuen inoiz ukitu. Egia da oso soinu berezia (tinbrea) dutela, baina ni oso kontentu nago orain dudan bibolinarekin. Musikariok oso harreman berezia dugu gure musika tresnekin.
Bukatzeko zerbait motza eta orokorragoa. Zer da gehien estimatzen duzuna pertsona batengan?
Gardena eta ongile izatea, ona izatea. Baina ez kristautasunak dioen “ona izan behar” hori, baizik eta gure akatsak onartzea eta aurre egitea akats horiek gainditzeko. Eta besteak maitatzen saiatzea, egunerokoan erakutsiz.
Ezin duzu jasan...Hipokresia. Eta gaur egun, gertatzen ari den guztiarekin gure inguruan, hipokresia nagusia da.
Zure ametsak?
Egiten dudanarekin ahal dudan zoriontsuena izan.
Gure gizartearen erronka?
Gauza konkretu asko dira, baina orokorrean gauzak hipokresia gutxiagorekin egitea hezkuntzan eta gizartearen antolaketan.
Eta zurea?
Nire erronka: Gauzak ongi egiteko gogoa beti mantentzea, nire ingurukoa hobetzeko. Hori da.
Ane Matxain (1979)Ane Matxain Donostian jaio zen duela 27 urte. Bertan Suzuki metodoaren bitartez biolina ikasteari ekin zion eta 9 urterekin Baionako kontserbatorioan sartzeko aukera izan zuenetik, ia ez du atsedenik hartu. Gero Bordelera joan zen eta handik Parisera.2000. urtean Ganbera-musikako Goi Hezkuntzako Diploma eskuratu zuen, kalifikazio gorena ere erdietsiz. Hori dela eta, Kontserbatorioak beka eskaini zion Pariseko “Cité des Arts” delakoan sartzeko eta hantxe hainbat kontzertu eskaintzeko aukera izan zuen. Bere heziketa osatzeko Rotterdam-eko Kontserbatoriora jo zuen eta ikasketak bukatu ostean, Gaia laukotea osatu zuen, aldi batean taldetxo horretan jo zuelarik.Gaur egun Madrilen bizi da eta martxoaz geroztik Espainiako Orkestra Nazionaleko kontzertinoa bilakatu da.